Urdaibai

euskera | castellano

Mapa Investigaciones en Gorbeia

URDAIBAIKO KOKAPEN GEOGRAFIKOA

Urdaibaiko arroa Kantauriko itsasertzeko ekialdeko muturrean dago, Bizkaia probintziaren IEko sektorean. Itsasertzeko harana da, Oka ibaiaren arro hidrografikoak ardazten duena; anitza da paisaiari dagokionez, itsasertzeko, estuarioko eta landazabal atlantikoko paisaiak ditu, bai eta paisaia harkaiztsuak eta menditsuak ere. Oiz mendiaren inguruetan dago kotarik garaiena (809 metrokoa, Astoaganan). 1984an, Biosfera Erreserba izendatu zuen unitate geografiko hori UNESCOk, “Man and Biosphere” programaren barruan.

1. SANTIMAMIÑEKO KOBA (KORTEZUBI): 2004-2014 URTEAK.

Santimamiñeko koba Ereñozar mendiaren hegoaldeko mendi-hegalean dago, itsas mailatik 137 metrora, eta kokaleku estrategikoa du, Oka ibaiaren haranaren gainaldean. Madeleine aldiko labar-artearen multzo garrantzitsua du, eta bi fasetan induskatu zen aztarnategi arkeologikoa: lehenengo, 1918 eta 1926. urteen artean induskatu zuten T. Aranzadik, J.M. Barandiaranek eta E. Egurenek; bigarren fasea, berriz, 1960tik 1962ra bitartean izan zen, eta J.M. Barandiaran izan zen indusketa haien buru (KOBIE 34).

2004an, berrogeita bi urte beranduago, azterlan arkeologikoko beste fase bati ekin zitzaion, aztarnategiaren erregistro estratigrafikoa aztertu eta eguneratzeko helburuz, Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako programa orokor baten barruan. AGIRI Arkeologia Elkarteko kideek zuzendu zuten esku-hartze arkeologikoa, eta 11 urtez jardun zuten landa-lanetan: lehendabiziko hiru urteetan (2004-2006) aztarnategiaren azterketa estratigrafikoa egin zen; hurrengo zortzi urteetan (2007-2014) aztarnategia industen jardun zuten, Neolito Aroko mailetatik Goi Madeleine aldi/Madeleine aldi Amaierako mailetara arte.

Hauexek izan dira egindako azken indusketen (2004-2014) ekarpen nagusiak (Kobie BAI 1):

1) Behe Madeleine aldiko (duela 14.700 urte) gizakiaren okupazioaren hasiera zehaztea, eta antzinako Goi Paleolitoko mailarik ez dagoela egiaztatzea;

2) Madeleine aldiko erreferentziazko sekuentzia ezartzea, duela 14.700 eta 12.000 urte artean, Goi eta Azken Madeleine aldiko ohiz kanpoko habitat-testigantzekin (Séances de la SPF15);

3) Aranzadik, Barandiaranek eta Egurenek 1931n proposatutako Neolito Aroko okupazioa baieztatzea (Homenaje a Lydia Zapata);

4) barrunbearen hilobi-erabileraren faseak (ARPI 03 Extra) eta ehortzitako biztanleen profil genetikoa zehaztea (European Journal of Human Genetics 25);

5) kobaren atarian margo berriak (gorriz) aurkitzea egungo indusketa-eremuan;

6) betekinaren azpiko aldean maila paleontologikoak aurkitzea (orain arte ezezagunak), duela 26.880 eta 20.500 urte artekotzat jotzen direnak;

7) Urdaibaiko eremua ingurumenari eta paisaiari dagokionez berreraikitzeko beste erregistro bat eskaintzea (Quaternary International 339-340).

2. KOBEAGA II KOBA (ISPASTER): 1998. URTEA.

Oka eta Lea ibaien ibarren artean dago Kobeaga II koba, kostalde-lerrotik lau kilometrora. 1973an induskatu zuen J.M. Apellanizek; beranduago, 1998an, aztarnategiaren azterketa estratigrafikoa egin zuten AGIRI Elkarteko kideek eta, lan horretan oinarrituta, azterlan bat egin zuten, Illunzar aldizkariaren 4. alean argitaratu zena (Illunzar 4). Bi maila mesolitiko ditu, duela 7.700 eta 6.900 urteen artekoak, eta gainazaleko geruza bat, non zeramika azaldu baitzen; ez da segurua azken hori Neolito Arokoa ote den.

3. ATXAGAKOA KOBA (FORUA): 2002-2004 URTEAK.

Foruko Atxa mendiaren Hegoalde/Hego-ekialdean zegoen Atxagako koba, itsas mailatik 34 metrora, eta Foruko Peña harrobiaren ustiakuntzaren ondorioz suntsitu zuten. 2002. eta 2004. urteen artean, aztarna arkeologiko eta paleontologikoen lagin txiki bat berreskuratzea lortu zuen AGIRI Elkarteak, harrobiaren hormari itsatsita kontserbatu zena (Illunzar 5).

Indusketak erakutsi zuen koba animalia haragijaleen babeslekua izan zela (otso, hartz arre, hiena eta azerien aztarnak aurkitu ziren), nahiz eta lekukoaren oinarrian Urdaibaiko giza okupazioaren lehenengo zantzuak dokumentatu ziren, askotariko lehengaietan (suharria, kuartzita, lidita eta ofita) egindako harrizko zenbait tresna, hain zuzen ere, aurkitu baitziren. Aminoazidoen errazemizazio bidez egindako datazioen arabera, gizakiaren Urdaibaiko presentziaren lehenengo data horiek Erdi Pleistozenoaren amaiera aldera koka daitezke (duela 800.000-130.000 urte).

4. PORTUZARRA (GERNIKA-LUMO): 2006. urtea.

Gernika-Lumo udalerriko iparraldeko sektorean dago Portuzarra, itsasadarraren antzinako ibilguaren eta kanalaren artean. Portuzarra toponimoak erakusten duen bezala, hiriko Erdi Aroko ainguralekuari edo kaiari dagokio; XVI. mendetik aurrerako horri buruzko agiri bidezko datuak daude.  2006an, Gernikako saihesbidearen II. faseko eraikuntza-proiektuaren barruan, Portuzarra eremuaren ebaluazio arkeologikoa egin zen, ainguralekurik egon zen egiaztatzeko edo ideia hori baztertzeko helburuz. Kokalekua ibai-ingurunean egoteak asko zaildu zuen zundaketa arkeologikoen ohiko kanpaina. Horregatik, errotore-perkusiozko 10 zundaketatan oinarritutako azterlana egitea erabaki genuen, lekuko jarraituko berreskurapenarekin (Illunzar 6).

5. LAIDA I ETA LAIDA II-KO (IBARRANGELU) ONTZI-AZTARNAK: 2011-2018 URTEAK.

Laida I eta Laida II Laidako hondartzaren (Ibarrangelu) hegoaldetik igarotzen den kanalean dauden egurrezko ontzi-aztarnak dira; bi metro inguruko sakoneran daude. 2011n aurkitu zituzten; aztarna horiei buruzko ebaluazio arkeologikoa egin zen, jalkinik mugitu gabe.  Lan haiek aztarnen topografian eta planimetrian oinarritu ziren, azterketa elektromagnetikoa egin zen itsasontzien inguruan, bai eta argazki- eta bideo-lanak ere. Laida I ontzi-aztarnan gilagaina, 23 zuaker eta masta kontserbatzen dira, bai eta kanpoko estalkiaren zati bat, aingura eta burdinazko hiru kanoi ere. Laida II-ko ontzi-aztarnetan 28 zuaker kontserbatzen dira, eta itsasontziaren egiturari dagozkion beste elementu batzuk. Lan horiek egin zirenetik, aztarnen egoeraren kontrolak egiten dira aldian behin.

6. KATILLOTXU I-EKO TRIKUHARRIA (MUNDAKA): 2004-2005 URTEAK.

Katillotxu V-eko monumentuaren ondoan dago, multzo megalitiko bera osatuz. 2004-2005 urteetan induskatu zen, AGIRI Elkarteak zuzendutako Urdaibaiko Megalitismoari buruzko proiektuaren barruan (Illunzar 7). Erabat harriz eraiki zen monumentua, eta 18 metroko diametroa eta 0,90 metroko altuera ditu. Hilobi-ganberak oin errektangular-poligonala du (3,75 metro koadrokoa), eta Hego/Hego-ekialdera orientatuta dago.

Neolito Aroaren amaieratik Kobre Arora arteko denbora-aldia (duela 4.800-4.400 urte) hartzen du hilobi-erabileraren sekuentziak, eta dokumentatuta dago ganbera hori berriro erabili zela Brontze Aroan (duela 3.100 urte). Katillotxu I-eko trikuharriak suharrizko objektuen eta elementu apaingarrien azterlan petrografikoa du (5º Congreso de Neolítico Peninsular).

7. KATILLOTXU V-EKO TRIKUHARRIA (MUNDAKA): 2006-2008 URTEAK.

Oka ibaiaren bokalearen gainean dago Katillotxu V-eko trikuharria, itsas mailatik 337 metrora.  2006. eta 2008. urteen artean induskatu zen, Urdaibaiko Megalitismoari buruzko programa baten barruan; AGIRI Elkarteak pentsatu eta gidatu eta Urdaibaiko Patronatuak sustatu zuen programa hura (Illunzar 7). Arkitekturari dagokionez, nukleo lurkara eta harrizko korazadun monumentua da, 12 metroko diametroa eta 0,75 metroko altuera dituena, Hego-ekialdera orientatutako hilobi-ganbera errektangularrarekin (1,76 metro koadrokoa).

Katillotxu V Kobre Aroan (duela 4.300 urte) eraiki eta itxi zen, eta denbora laburrez izan zuen hilobi-erabilera. Ekarpen garrantzitsuena izan da hareharrizko apaindutako zortzi lauzaren aurkikuntza; ganberan eta tumuluan antolatuta daude lauzok. Ganbera barruan, apaindutako elementuen artean, nabarmentzekoa da lauza nagusia; grabatutako irudi nagusi bat du, arma bat, Palmela punten antzerakoa (kobrezko metalezko punta) (Illunzar 7 Arte).

8. PAREKO LANDAKO (BUSTURIA-BERMEO) AIRE ZABALEKO GIZA KOKAGUNEA: 1994-1999 URTEAK.

Pareko Landako aire zabaleko aztarnategia Sollube mendiaren lepo batean dago, itsas mailatik 526 metrora. E. San Pedrok eta M.J. Guillemek deskubritu zuten 1993an. 1994-1997 urteen artean eta 1999an egin zen esku-hartze arkeologikoa; huraxe izan zen AGIRI Arkeologia Elkarteak antolatu eta zuzendu zuen lehenengo indusketa (Krei 1). Ez-ohiko aztarnategia da Pareko Landa, Mikroijekien Epipaleolito Aroko, Mesolito geometrikoko (duela 7.500 eta 6.650 urteko bi okupazio-mailarekin) eta Antzin Neolitoko aire zabaleko sekuentzia kontserbatzen baitu (Homenaje a Lydia Zapata).