Beste Eremu Batzuk

euskera | castellano

Mapa Investigaciones en Gorbeia

BIZKAIKO BESTE EREMU BATZUK

Noizean behin, AGIRI Arkeologia Elkarteak indusketa arkeologikoak eta bestelako ikerketak egin ditu Enkarterrietan, Lea-Artibain eta Arratian.

1. GOIKOLAUKO KOBA (BERRIATU): 2015-2018 URTEAK.

Gazteluko Atxa mendiaren Hego-mendebaldeko mendi-hegalean dago Goikolauko koba, Lea eta Artibai ibaien ibarren artean, itsas mailatik 156 metrora. 1935ean J.M. Barandiaranek aurkitutako aztarnategi arkeologikoa da; landa-lanen bi fase egin ziren koba horretan XX. mendean: 1) lehenengo fasean (1962), atariko aztarnategia induskatu zuen J.M. Barandiaranek, eta hormako grabatu multzo bat deskubritu zuen; bigarren fasean, barnealdeko hilobi-eremuetan (1980) jardun zuen lanean C. Basasek, atariko lekukoan (1981) eta kobaren kanpoko aldean (1988).

2015ean, Goikolauko koba aztertzeko hirugarren faseari ekin zitzaion, AGIRI Elkarteko kideen eta C. Gonzalez Sainzen (Kantabriako Unibertsitatea) zuzendaritzapean, erregistro estratigrafikoa eta labar-artearen multzoa aztertzeko eta eguneratzeko helburuz. Azterlan hori martxan dago oraindik, baina hona hemen orain arte lortutako datu garrantzitsuenak:

1) kobako grabatu gehienak Paleolito Arokoak direla egiaztatu da;

2) barrunbearen barruko bi hilobi-espazioen karakterizazioa: barru-barruan (IIIa sektorea) lurperatze indibidual bat dokumentatu da; handik 30 metrora, sarrera aldera (IIa sektorea), ehorzketa kolektibo bat.

2. EGUZKIOLAKO KOBA (ZEANURI): 2014. URTEA.

Bizkaiko isurialde mediterraneoan dago Eguzkiolako koba, Barazarreko mendatetik 2 kilometro Hegoalde/Hego-ekialdera, eta itsas mailatik 678 metrora. 1971n deskubritu zuen Eguzkiolako aztarnategi arkeologikoa Bizkaiko Espeleologia Taldeak. 2005ean, Xorokileko harrobia berrirekitzeko proiektuaren Ingurumen-inpaktuaren Azterketaren barruan, azterlan arkeologikoa egin genuen eta, neurri zuzentzaile modura, kobako aztarnategi arkeologikoa osorik berreskuratzea planteatu genuen. Azkenik, 2014an, indusketa arkeologikoko lehenengo kanpaina egin zuen AGIRI Arkeologia Elkarteak, bi jarduketa garrantzitsurekin:

– kobaren itxitura-karela desmuntatu zen; ETAko komando batek eraikita zuen karel hori barrunbea kamuflatzeko, eta han egon zen bahituta 1986an Arabako Lucio Aginagalde enpresaria.

– 12 metro koadroko azalera induskatu zen kobako atariaren hasierako zatian.

2014an lortutako emaitzek erakusten dute, gizakiaren hiru okupazio-fase egon direla koba horretan, Kalkolitotik Aro Garaikidera arte (Krei 13):

1) Kobre Aroan (duela 4.000 bat urte), hilobi-esparru gisa erabili zuten koba. 2014an erregistratutako datuek erakusten dute sei pertsona ehortzita daudela (hiru heldu eta hiru heldugabe), L. Herrasti eta F. Etxeberria (Aranzadi/EHU) espezialistek egindako txostenaren arabera.

2) bigarren faseak XX. mendera arte garamatza; Gerra Zibilean (1936-1939) babesleku gisa erabili zuen koba gudari-batailoi batek.

3) 1986an, ETAko komando batek erabili zuen koba, eta zenbait aldaketa eragin zituen atarian erabilera horrek; aldaketok sekuentziatuta geratu dira Eguzkiolaren estratigrafian.

3. ESKATXABELEKO TRIKUHARRIA I (GALDAMES): 2015. URTEA.

Eskatxabel I Eretzako Estazio Megalitikora biltzen den monumentua da, eta Pico Mayor eta El Cuadro mendien tontorrak lotzen dituen mendixkan dago, itsas mailatik 678 metrora. 1963an egin zen kobaren indusketa arkeologikoa, eta J.M. Apellanizek zuzendu zuen. 2015ean, lan arkeologikoen bigarren fasea egin zen, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Ondare eta Mendien Zerbitzuek sustatuta, Penagos-Gueñes Goi-tentsioko Linearen neurri konpentsatzaileen programaren barruan.  Honako hauek izan ziren ebaluazio arkeologikoko programa haren helburuak: 1) trikuharriaren kontserbazio-egoera baloratzea; eta 2) 1963ko indusketa-lubakia lehengoratzea, arrisku-gunea baitzen monumentuaren egonkortasunerako.

Nukleo lurkara eta harrizko korazadun monumentua da Eskatxabel I, 17,4 metroko diametroa eta 1,50 metroko altuera dituena. Hilobi-ganbera ez da kontserbatu (oraindik tinkatuta dauden bi lauza salbu); horrela, bada, ezin dugu zehaztu ganberaren tipologia, orientazioa, etab. Tumuluaren egitura, ordea, ondo kontserbatuta dago.

4. “LOS JUDIOS”EN KOBA (KARRANTZA): 2005. URTEA.

Kalera ibaiaren haranean dago Juduen koba, Peña Colorada mendiaren mendebaldeko mendi-hegalean, Bizkaia probintziaren mendebaldeko mugan. Kobaren ahoak 11,80 metroko zabalera eta 5 metroko altuera du, eta 250 m2-tik gorako ataria. 1963an deskubritu zuen aztarnategia Bizkaiko Espeleologia Taldeak, eta 1998an egin zen zundaketa estratigrafikoen lehendabiziko kanpaina, M.J. Yarrituren (Harribaltzaga Elkartea) zuzendaritzapean. 2005ean, Karrantzako Udalak sustatutako Kantauriko arte paleolitikoari buruzko proiektu didaktiko baten harira (“Koben Koba” proiektua), kobako aztarnategi arkeologikoa ebaluatzeko zundaketa-kanpaina egin zuen AGIRI Arkeologia Elkarteak. Honako jarduketa hauek egin ziren: 1) kobaren atariaren balorazio estratigrafikoa, AGIRI Elkarteak; 2) barruko galerien hormen prospekzioa, C. Gonzalez Sainzek eta D. Garatek (Kantabriako Unibertsitatea); eta 3) galerien eta leizeen azterketa paleontologikoa, O. Quintelak (GAES taldeko espeleologoa).

Erromatar garaiko eta, ziur aski, Burdin Aroko material arkeologikoak (zeramikoak, litikoak, arkeometalurgikoak, fauna-materialak eta antrakologikoak) berreskuratu ziren 2005eko esku-hartzean, erdiko multzo estratigrafikoaren barruan (Krei 8). Ikaztutako egur ugari eta lekuko arkeometalurgiko batzuk (fundizioko zepak, haizebide zatiak izan daitezkeenak eta galena mineral hondarrak) aurkitu izanak adierazten du metalurgia-jarduerak egiten zirela kobako atarian.