Oiz

euskera | castellano

Bizkaiko lehenengo mairu-baratze piriniarren aurkikuntza Oiz mendian (Berriz-Mallabia)

Eusko Jaurlaritzaren otsailaren 3ko 25/2009 Dekretuak, Oizeko estazioan 6 monumentu megalitiko biltzen ditu: Ama Birjinen Baso eta Iturzurigana trikuharriak, eta Ipiñarrieta, Ama Birjinen Baso 2, Probazelaiburu 1 eta Probazelaiburu 2 tumuluak. Baina inbentario hori asko aberastu dute Oizeko estazio megalitikoa miatzeko eta balioztatzeko egindako lanek (2021-2022). Horrela geratu da Oizeko katalogo megalitikoa eguneratuta: 

  • Probazelaiburu 1 trikuharria
  • Probazelaiburu 2 trikuharria
  • Probazelaiburu 3 mairu-baratzea
  • Probazelaiburu 4 egitura (trikuharria/zista?)
  • Probazelaiburu 5 monolitoa (iruinarria?)
  • Iturzurigana mairu-baratzea
  • Ama Birjinen Baso 1 trikuharria
  • Ipiñarrieta tumulua
Mapa Investigaciones en Gorbeia

Mairu-baratze piriniarrak Brontze Aroan eta Burdin Aroan zehar eraiki zituzten errausketako hileta-monumentuak dira. Zutik jarritako harlauza eta blokeekin osatutako zirkulu txikiak dira, eta gehienetan, erraustutako giza hezurrez eta ikatzez eratutako hileta-metaketa bat izaten dute barruan. Monumentu mota hori adierazpen arkeologiko berezi bat da, Pirinioen mendebalde eta erdialdean zehar zabaldua dagoena; gutxi gorabehera, Oria-Leitzaran ibaien eta Andorra lurraldearen artean. Mairu-baratzeek haustura bat ekarri zuten Neolito aurreratutik zetozen eta taldekako edo banakako ehorzketan oinarrituta zeuden hileta-ohituretan. Erritu berria hilotzen errausketan datza eta Europa osoan zehar zabaldu zen Burdin Aroko kultura zeltikoen bidez.

Mairu-baratzeen mendebaldeko muga Oria eta Leitzaran ibaien artean zegoela mantendu izan da, duela urte gutxi arte. 2012az geroztik, EHUko Historiaurreko saileko J. A. Mujika Alustizak zuzendutako lan-talde batek zalantzan jarri zuen muga horren balioa, hain zuzen ere, Aralar mendian Ondarre eta Beaskin multzoak aurkitu eta induskatu zituenean. Ondarreko multzoan lurrezko tumulua duten bi mairu-baratze eta mairu-baratze bakun bat daude; Beaskinekoan berriz, mairu-baratze bat, errausketadun hilarri bat eta bi egitura poligonal.

2021ean, Oizeko Probazelaiburu 3 eta Iturzurigana monumentuen indusketa arkeologikoan beste bi mairu-baratze identifikatu ziren, eta horien C14 bidezko datazioek Pirinioetako zirkuluen esparru kronologikoan kokatzen dituzte. Eremu nagusiko mairu-baratze askotan bezala, Oizen ez da aurkitu giza aztarna errausturik. Hala ere, egituren tipologiak eta C14 bidezko datazioek baieztatu egiten dute mairu-baratze piriniarrak direnaren ustea. Gaur egun, Probazelaiburu 3 eta Iturzurigana errausketako hileta-monumentu mendebaldekoenak dira, hau da, zirkulu piriniarren eremu nagusitik urrunduen daudenak.