Armañon
euskera | castellano
Armañongo ibilbide megalitikoa
Mendiko ibilbide hau Armañongo estazio megalitikoan barrena dabil, El Suceso auzoa eta Pozalagua haitzuloaren ondoan kokatuko Armañongo Parke Naturaleko Parketxea lotuaz.
Zeharkaldi hori eginez gailur-lerro honetako trikuharri eta tumulu nagusiak ezagutzeko aukera izango dugu: Picosal II, La Lama, Armañon I, Carcelares, Campo Diego, Galupa I, II, III, IV eta V, Biroleo I eta II, Surbias eta El Suceso.
Zer da trikuharria?
Trikuharriak ehorzketa-hilobi kolektiboak dira, gizatalde bateko kideak ehorzteko erabiltzen zirena. Harlauzez eraikitako hilobi-ganbera bat daukate, lur eta harrizko tumulu batez inguratua. Hilobi-funtzioaz gain, gizataldearen ustiaketa-eremuak mugatzeko lurralde-erreferentziak ere baziren. Ehorzketa-ohitura hori Kristo aurreko 4.300-4.200 artean hasi zen Euskal Herrian eta Kantauri ekialdean. Hauek dira gure lurraldeko megalito mota ohikoenak:
ARMAÑONEN INDUSKATUTAKO MONUMENTU MEGALITIKOAK
Armañongo megalitoak batik bat Gorrotxategi familiak eta M.J. Yarrituk aurkitu zituzten 1959 eta 1975 artean. Horietako zazpitan eskuhartze arkeologikoak egin dira indusketa estentsiboen edo zundaketen bidez: a) Galupa I eta II, J.M. Apellanizek, 1965ean; b) Biroleo I zista eta Biroleo II txabola, J.C. López Quintana eta A. Guenagak, 2010ean; eta c) La Lama, Armañon eta Galupa III,C. J.C. López Quintanak, 2022an.
1. Galupa I trikuharria
Oinplano ia zirkularreko monumentu tumularra da Galupa I; 18 eta 16 m-ko diametroak eta 2,20 m-ko altuera ditu. Ganbera errektangularrak estalkiko harlauza bat jatorrizko lekuan mantentzen du oraindik. 1965eko indusketan berreskuratutako ostilamenduan nabarmentzekoak dira ofitazko aizkora leundu bat, suharrizko 3 ijeki eta azabatxezko hainbat lepoko-ale.
2. Galupa II trikuharria
Ganbera errektangularreko trikuharria da. 1,85 m luze, 1 m zabal eta 1,20 m garai da eta hego-ekialderantz orientatua dago. Bi uztaiz osatua dago tumulua: ganberarekin lotura duen lehen uztai bat, lurrean sartutako 20 harlauzaz osatua; kanpoaldean, lurrez eta harlauza horizontalez osatutako bigarren zerrenda handiago bat dago. Berreskuratutako ostilamendua urria izateak (ukiera malkartsuko 2 triangelu eta 2 ijekitxo zati), Megalitismoaren antzinako garaietan (Neolitoa) eraikia izan zela esan nahiko luke.
3. Galupa III tumulua
Galupa III hilobi-ganberarik gabeko tumulu-egitura bat da, eta 6,40 m-ko diametroa eta 0,45 m-ko altuera ditu. Tumuluaren erdialdean, batez ere haritzarenak (Quercus generoa, Quercus subgeneroa) diren ikaztutako egur-aztarna ugariko zulo bat dago. C14 bidezko datazioak gure aroko VII. mendeko emaitza eman zuen eta, beraz, tumuluaren garai historikoko berrerabilera bat izan daiteke.
4. Armañon I-eko tumulua
Armañon I hilobi-ganberarik gabeko tumulu-egitura bat da, eta 6,15 m-ko diametroa eta 0,50 m-ko altuera ditu. Egituraren erdialdean, pago-egurreko (Fagus) ikatz ugariko geruza bat antzeman genuen. C14 bidezko datazioak gure aroko XVII. eta XX. mende arteko emaitza eman zuen. Kasu horretan, datatutako ikatza berriki gertatutako sute batekoa izan daiteke.
5. Biroleo I zista
Biroleo I zista oinplano ia zirkularreko egitura lautua da eta 2,70 m-ko diametroa eta 0,40 m-ko altuera ditu. Erdialdean hainbat harlauza horizontal (ganbera) daude, zutikako harlauzez osatutako bi eraztunez inguratuta. Arrazoi horregatik mairu-baratze moduan sailkatua izan zen. Haritz-lagin baten (Quercus generoa, Quercus subgeneroa) C14 bidezko datazioak K.a. II. milurtekoaren bigarren erdiko emaitza eman zuen.
6. La Lamako tumulu handia
La Lamako tumulu handiaren kokapena
La Lamako tumulua Armañon mendiaren Hegoaldeko zelaigune zabal batean dago, 742 metroko altuerara. Kokapen estrategikoa du Karrantza eta Turtzioz haranekiko, ziur aski balio sinboliko handia izango zuelarik Historiaurrean. Tumulua egitura zirkular hemisferiko bat da, 20 metroko diametroa eta 2,40 metroko altuera dituena.
Eraikuntza-ezaugarriak eta esangura
2022an J. C. López Quintana arkeologoak zuzendutako indusketa arkeologikoan, egitura berezi bat aurkitu genuen Kantauri ekialdeko Megalitismoaren baitan. Induskatutako azalera murritza izaki (10 m2), interpretazio zuhurra egitera beharturik gaude. Dena den, bi eraikuntza-aldi bereizten dira, bakoitzean teknika eta material desberdinak erabilita, ziur aski epe labur batean egindakoak.
a) Lehenik eta behin, tumulupeko zoruaren gainean, harrizko koraza batez estalitako lurrezko tumulu bat eraiki zen. Erdialdean lurrezko nukleoaren goragune bat nabarmendu behar da, lauzaz estalitako sakonune txiki bat duena. Inguru horretan erronboide-formako hareharrizko harlauza bat ageri da zutik, ziur aski estela bat dena.
b) Beheko tumulu horren gainean tumulu-egitura sendo bat eraiki zuten, 1,30 m-ko lodierakoa, harlauza horizontalak harri hutsez antolatuta. La Lamako tumuluaren bolumen ikusgarria, azpiko edo jatorrizko monumentua zigilatzeko eta ezkutatzeko helburua zuen bigarren eraikuntza-fase honekin lortu zen.
c) Azkenik, ondoriozko egituraren gainean, harrizko tumulua ebaki eta zeharkatzen duen putzu bat zulatu zuten erdian, jatorrizko eraikuntza-fasearen sabairaino iritsiz. Ez dugu ezagutzen ekintza horren zergatia: arpilatzeko saiakera bat?
La Lamako tumulu handiaren interpretazioak zalantzak sortzen ditu, izan ere, material arkeologikoa urria da eta C14 bidezko datazioen emaitzak arraroak izan dira (Erdi Arokoa, IX.-XII. eta XIV.-XV. mendeen artean). Zailtasunak zailtasun, eraikuntza aldetik antzekotasun handia du, M.A. de Blas historiaurrelariak ongi zehaztutako ohiko ganberarik gabeko tumulu asturiarrekin (Adibidez: Monte Areo V eta XII, Monte Deva V, La Llaguna A eta D…). Asturiaseko tumulu horiek Kristo aurreko V. milurtekoaren amaieran eraiki zituzten, eta haien erritualtasuna ezezaguna zaigun zeremonia-lekuak zigilatzeko edo estaltzeko egin ziren.