Gorbeia
euskera | castellano
GORBEIAREN KOKAPEN GEOGRAFIKOA
Kantauri aldeko ekialdeko muturrean dago Gorbeiako mendilerroa, Kantauri eta Mediterraneoko isurialdeen banalerroan, eta Bizkaia eta Araba probintzietako lurrak hartzen ditu. Unitate geografiko honetako ohiko paisaiak dira Arratia eta Nerbioi-Altube ibaien goiko aldean eratutako haranak eta mendialdeko eremuak, non baso hostogalkorrak eta mendiko larreak agertzen baitira altitude txikitik handira estratifikatuta. Gorbeia mendia da altitude handieneko puntua, 1.482 metrorekin.
1. MENDIGANAKO TRIKUHARRIA (AREATZA-BILARO): 2001. URTEA.
Mendiganako trikuharria Gorbeiako Parke Naturaleko Ipar-ekialdeko sektorean dago, Otsobasoko trikuharritik Hego-ekialdera, 680 metrora, itsas mailatik 736 metrora. 2001ean egin zen indusketa, eta Estratigrafia Analitikoaren metodoa erabilita aztertutako lehenengo monumentu megalitikoa izan zen (Krei 6).
Monumentu hemisferiko laua da, erabat harriz eraikitakoa, eta 12,00 metroko diametroa eta 0,70 metroko altuera ditu. Oin errektangularreko hilobi-ganbera txiki bat du, Ekialde/Hego-ekialdera orientatuta dagoena, eta 1,70 metroko luzera eta 0,80 metroko zabalera dituena. Trikuharri horretan eskuratutako C14 datazioek monumentuaren hilobi-erabileraren amaierako faseak erakusten dituzte (Munibe, supl. nº 32 – Antracología). Horietako bat haur baten hezur zati batean egindakoa da, eta duela 3.400 urtekoa dela adierazten du. Katalogatutako ostilamenduek eta erregistro estratigrafikoek, hala ere, eraikuntza Neolito Arokoa dela iradokitzen dute, eta garai hartakoa dela hilobiaren lehen erabilera (BAR International Series 2708).
Nabarmentzeko beste datu bat da irudi borobildun bi hilarri antropomorfo txiki azaldu zirela indusketan, tumuluaren egituran txertatutako menhir batekin lotutakoak, lauza nagusiaren ondoan (Anthropologie 113).
2. SUSTRIGIKO AIRE ZABALEKO GIZA-KOKAGUNEA (AREATZA-BILARO): 2002-2003 URTEAK.
Mendiganako trikuharritik Hego-ekialdera dago Sustrigiko aire zabaleko giza kokagunea, handik 200 metrora. 2002an eta 2003an, indusketa arkeologikoko kanpainak egin zituen AGIRI Elkarteak; lan haiei esker, elkarrengandik hurbil dauden hiru okupazio-eremu bereizi eta mugatu ahal izan ziren (Krei 7). Suharrizko objektuen eta ikaztutako egur zatien bitartez definitu ahal izan zen hiru habitat-espazio horietako bakoitza; gainera, errekuntza-egitura edo sutegi batzuk ere aurkitu ziren. Lurraren azidotasunak ez du batere lagundu hezur-aztarnak kontserbatzen.
Suharrizko 1.627 objektu aurkitu ziren 1. okupazio-eremuan, harrizko egituradun etxe bat (Sgbk-h1) eta bi zutabe-zulo (Sgk-U1 eta Sgk-U2); 2. okupazio-eremuan, berriz, suharrizko 604 pieza eta harrizko egituradun etxe bat (Slgk-h3), eta 3. okupazio-eremuan suharrizko 226 elementu litiko bakarrik erregistratu ziren. Lau C14 datazio ditugu Sustrigiko aztarnategirako, eta duela 9.400 eta 8.800 urte artean kokatzen dute (BAR International Series 2708).
3. OTSOBASOKO TRIKUHARRIA (AREATZA-BILARO): 2014-2016 URTEAK.
Otsobasoko trikuharria Gorbeiako Parke Naturaleko Ipar-ekialdeko sektoreko ordeka batean dago, itsas mailatik 656 metrora. 2014. eta 2016. urteen artean egin zituzten indusketak AGIRI Elkarteko kideek. Nukleo lurkara eta harrizko korazadun monumentua da, 15,10 metroko diametroa eta 1,20 metroko altuera dituena. Hilobi-ganberak trapezio-formako oina du (3,15 m2-koa), Ekialdera orientatuta dago eta 5 ortostatok osatzen dute, funtsean.
Diziplina anitzeko azterlana oraindik abian badago ere, zenbait datu eman ditzakegu:
1) itxiera-fase bat egiaztatu da; hilobiaren estalkia eraitsita ageri da;
2) burualde biribildua duen hilarri bat dauka, ganberaren ekialdeko itxieran berrerabilia;
3) eraikuntzarako gehienbat hareharria erabili zuten arren, tumuluaren ekialdeko sektorean kareharria erabili zuten;
4) hileta-ostilamendurik ez egoteak kontrastatu egiten du monumentuaren arkitekturarekin, balio sinbolikoarekin eta aparteko kontserbazio-egoerarekin;
5) Kantauri Ekialdeko arte megalitikoko testigantzak dituen beste monumentu bat da Otsobasokoa.
4. ERREKATXUETAKO ATXAKO TRIKUHARRIA (ZEANURI): 2006. URTEA.
Errekatxuetako Atxako trikuharria Arimekortako ordeka handiko ezproi txiki baten gainean dago, itsas mailatik 915 metrora. 1924an aurkitu eta induskatu zuten J.M. Rotaetxek eta E. Egurenek, baina ez dago indusketa hari buruzko argitaratutako aipamenik. 2006an beste esku-hartze arkeologiko bat egin zuen AGIRI Elkarteak; halaber, hilobiaren mendebaldean, 50 bat metrora, dagoen aire libreko habitat-aztarnategi batean egin zituzten zundaketak (Munibe 2010).
16 metroko diametroa eta 1,50 metroko altuera duen monumentua da Errekatxuetako Atxa, eta kareharriz eraikita dago erabat, material bereko ezproi irten bat aprobetxatuz. Ganberan ortostato bakarrak jarraitzen zuen bere jatorrizko kokalekuan, baina, 2006ko indusketaren ondoren, hilobi-barrunbe errektangular bat berreraiki ahal izan da, Ekialde/Hego-ekialde orientazioarekin. Halaber, hainbat datu interesgarri dokumentatu da (BAR International Series 2708):
1) Gizakien gorpuzkiak kontserbatu dituen Bizkaiko bigarren trikuharria da; 46 gorpuzki gutxienez, horietako bat duela 3.750 urtekoa;
2) hilobi-ostilamendu ugari berreskuratu da, tartean suharrizko objektuak, apaingarriak (lepokoen eta zintzilikarioen aleak), metala eta zeramika, lehengai exotikoekin batera; azken horiei dagokienez, aipatzekoak dira bariszita, anbarra eta marfila izan daitekeena;
3) tamaina txikiko hiru hilarri antropomorfo dokumentatu dira, horietako bat hilobi-ganbera barruan (Anthropologie 113).
5. KURTZEGANEKO MENHIRRA (OROZKO): 2008. eta 2011. URTEAK.
Lobantzu-Kolometa mendilerroan dago Kurtzeganeko menhirra, Gorbeiako Parke Naturaleko Ipar-mendebaldeko sektorean, itsas mailatik 849 metrora. 2008an zundaketa estratigrafikoen kanpaina bat egin zen Kurtzegan inguruan, eta menhirra ezarrita dagoen sakongunea aurkitu zen (Arkeoikuska 2008). 2011n, monumentua eraberritzeko eta altxatzeko proiektua egikaritu zen; arkeologoz, zaharberritzailez eta arkitektoz osatutako lantalde batek hartu zuen parte egitasmo hartan (Arkeoikuska 2011).
5,50 metroko luzera, 0,80 eta 1,10 metro arteko zabalera eta 0,35 metroko lodiera du Kurtzeganeko menhirrak. Ingerada zabalagoa du oinarrian eta goiko aldean, eta profil antropomorfo argia marrazten du. Mendiganako trikuharriarekiko paraleloak izanik, menhirraren kronologia neolitikoa proposatzea ahalbidetzen duten ebidentzia arkeologikoak aurkitu dira indusketan (BAR International Series 2708).